ALBISTEAK

JULEN LARREATEGIRI ELKARRIZKETA

2017-10-18

Lehengoan aurreratu genuen bezela, Julen Larreategi perkusiojoleak bakarlari gisa arituko da igande honetan Udalaren Musika Bandak eta Gazteen Bandak eskainiko duten kontzertzuan. Berarekin egon gara eta galdera batzuk egin dizkiogu.

Hemen daukazue elkarrizketa:

 

Kaixo Julen, igande honetan bakarlari moduan joko duzu Elgoibarko Udalaren Musika Bandarekin eta Gazteen Bandarekin. Ilusionatuta zaude?

Bai, oso ilusionatuta nago, nahiz eta niretzako horrelako kontzertu batean bakarlari moduan jotzen dudan lehenengo aldia izango den.

 

Imaginatzen dut erronka bat izan dela zuretzat obra hau prestatzea. Lan handia izan da?

Bai, Gorkarekin denboraz hasi ginen prestatzen eta konturatu gabe eguna iristen ari da. Gustatuko litzaidake lan guzti honek bukaera on-on bat izatea igandean.

 

Dagoeneko bi bandekin entsaiatzeko aukera izan duzu. Zer sentitu duzu? Merezi izan du egindako lanak?

Poz handia. Honelako ekintza baterako eskaini didazuen aukera oso aberatsa da niretzat, eta ez daukat dudarik lan guzti honek merezi izan duela.

 

Ikusten da gustura zabiltzala perkusioarekin. Zergatik aukeratu zenuen perkusioa jotzea?

Momentu horretan gustukoena nuelako aukeratu nuen perkusioa. Gainera, ikasten joan ahala, perkusioak musika estilo desberdinetan eremu zabala betetzen duela ikusi dut eta gero eta gehiago gustatzen zait.

 

Inoiz imaginatu duzu zure burua perkusiojole profesional bezela? Gustatuko litzaizuke orain zure afizioa dena ofizioa bihurtzea?

Ez, oraindik 14 urte ditut eta ez naiz jarri gauza hoietan pentsatzen. Agian hemendik urte batzuetara batek daki… Egia esan, oso zaila da musikatik bizitzea, baina etxean aitarekin badut eredua.

 

Futbolean ere aritzen zera eta entzun dugu oso ondo zabiltzala. Zelan moldatzen zera danera iristeko?

Zaila da gauza guztiak batera eramatea, hala ere, gogo handiz saiatuz askoz errazagoa da.

 

Musika gustatzen zaizula argi dago. Etxean entzuten duzu musikarik? Zer musika estilo entzutea gustatzen zaizu?

Etxean egunero musika entzuten dut. Niri gehien gustatzen zaidan musika estiloa Trap-a da, eta ez niri bakarrik, nire adinekoeri baita ere.

 

Bukatzeko, zure ustez merezi du domekako kontzertua ikustera joateak? Zergatik?

Dudarik gabe. Kontzertu honetan Musika Eskolako Gazteen Bandak eta Elgoibarko Udalaren Musika Bandak elkarrekin jotzeak etorkizuna ziurtatzen dutelako herrian.

 

 

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskola

Aita Agirreren Plaza 4, 20870 Elgoibar, Gipuzkoa

943 742 145

elgoibarmusika@elgoibarmusika.eus