ALBISTEAK

ALAITZ ALMORTZA BILBOKO KONTSERBATORIORA…

2020-06-23

Alaitz Almortza Arrillaga tronboijole gazteak Bilboko Arriaga kontserbatorio profesionalean jarraituko du musika ikasketekin, aste honetan bertan egin duen sarrera-proba gainditu eta gero.

11 urte egin ditu Inazio Bereziartua Musika Eskolan eta azken ikasturte honetan kontserbatoriorako sarrera-proba prestatzen jardun du. Egin duen saiakera eta lortutako emaitza ikusita, interesgarria iruditu zaigu elkarrizketa txiki bat egitea.

 

Kaixo Alaitz, musika ikasketetan pauso bat gehiago ematea erabaki duzu, eta datorren ikasturtean Bilboko Arriaga kontserbatorioan hasiko zara. Zer dela eta hartu duzu erabaki hori?

 

Beti eduki izan dut gehiago ikasteko kuriositatea eta Leioan nagoenez Magisteritzako ikasketak egiten, aukera polita iruditu zait kontserbatorioan ikasi ahal izatea. Pentsatu nuen probatzeagatik ez neukala ezer galtzeko eta sarrera-proba gaindituz gero pauso bat aurrera egin eta gehiago ikasiko nukeela. Musika asko gustatzen zait eta gehiago ikasi nahi dut.

 

Zelan joan da sarrera-proba?

 

Oso ondo, tronboiari dagokionez oso pozik geratu naiz, esango nuke inoiz baino hobeto jo dudala, eta proba teorikoa ere oso ondo joan da. Entonazioari dagokion ariketa ez dut hain ondo egin, baina tira, azkenean oso nota onarekin gainditu dut.

 

8 urterekin hasi zinen Inazio Bereziartua Musika Eskolan ikasten. Orain. 11 urte pasa eta gero, nola baloratzen duzu hemen jasotakoa?

 

19 urte ditut, beraz, bizitza erdi baino gehiago pasa dut Musika Eskolan. Nire ama trikitixa irakaslea da eta nire ustez jaio nintzenerako idatzita zegoen Musika Eskolara etorriko nintzela. Pentsatzen hasita, ez dut nire bizitza imajinatzen Musika Eskolara joan gabe. Izan ere, gaur egun ditudan gauza asko bertan ikasitakoarekin lotuta daude. Elgoibarko Udal Musika Bandan, Mauxitxa txarangan, BetiSua txarangan eta Mugi Panderoa erromeria taldean jotzen dut. Iruditzen zait tronboiari dagokionaz gain, pertsona bezala gaur egun naizena ere hein handi batean Musika Eskolari esker dela. Hau ez da musika eskola bat bakarrik; hori baino askoz gauza gehiago ikasten dira hemen.

 

Zerk animatu zaitu pauso hau ematera? Zure ideia izan da, zure irakaslearena…

 

Nire ideia izan da, baina amak eragin handia izan du. Askotan planteatu izan dit musika ikasketetan sakontzeko aukera. Gainera, oso neska aktiboa naiz, gauza asko egiten ditut. Beraz, tronboia serio hartu nahi baldin badut eta musikari behar beste denbora eskaini, horretara bideratuko nauen bide bat hartu behar nuen.

 

Tronboijole onak entzuten ditudanean nik ere egunen batean  horrela jotzea nahiko nukeela pentsatzen dut. Baina badakit horrek lan handia eskatzen duela, prozesu luze baten emaitza baita. Orain Bilbon bizita eta arratsaldeak libre xamar izanda, uste dut momentu egokia izan daitekeela tronboiari denbora gehiago eskaintzeko. Agian kontserbatorioko ikasketak bukatutakoan bukatuko da nire musika ibilbidea ere. Baina beharbada, asko gustatzen baldin bazait goi mailako ikasketekin jarraitzea erabakiko dut. Batek daki! Argi daukadana da momentuz probatzeko gogoa daukadala.

 

Beraz, momentuz ez duzu goi-mailako ikasketak egiteko asmorik?

 

Momentuz ez dut halakorik planteatzen. Gaztea naiz eta gauzak probatzea nahi dut, baina ez dut aterik ixten… Etortzen dena etorriko da, eta etortzen diren aukerak aprobetxatu nahi ditut.

 

Orduan, zure esperientzia kontutan hartuta, animauko zenituzke gurasoak euren seme-alabak Musika Eskolan apuntatzera?

 

Noski baietz! Duda gabe! Musika oso gauza polita da, nik nire bizitzan musika behar dut bizitzeko eta umeentzako oso ona da! Ez baduzu probatu ez dakizu zer dan…, baina behin probatuz gero, gehiago nahi duzu.

Nik gurasoei esango nieke ez emateko bueltarik eta seme-alabak Musika Eskolara ekartzeko, nik behintzat ez diot ezer txarrik ikusten, kontrakoa!

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskola

Aita Agirreren Plaza 4, 20870 Elgoibar, Gipuzkoa

943 742 145

elgoibarmusika@elgoibarmusika.eus