ALBISTEAK

Hamaikasax Eguna 2017

2017-11-16

 

Pasa den larunbatean, Musika Eskolako saxofoijoleak Uharten egon ginen. Uharte, Iruñatik oso gertu dagoen herri txiki bat da, eta bertan Hamaikasax Eguna ospatu genuen Euskal Herri osotik etorritako beste hainbat saxofoijoleekin batera.

Hamaikasax egunaren IX. edizioa izan zan, eta izen bera daukan elkarteak urtero antolatzen du, saxofoiaren inguruan jardunaldi eder bat pasatzeko asmotan.

Goizeko 8:30ean irten ginen Elgoibartik 20 ikasle eta beraien familiak, guztira 60 elgoibartar. Eguraldia ez zegoen gure alde, baina humorearekin hartu genuen eta Nafarroa aldera abiatu ginen.

Iritsi bezain pronto, entsaio orokor bat izan genuen beste saxojoleekin batera. Oso azkar konturatu ginen, eguna oso ondo joango zela. Entsaioa giro onean joan zen, eta Iker Martin maisuaren zuzendaritzapean oso azkar montatu genituen goizaldean kalean jo behar genituen 3 piezak. Bertan, uharteko ikasleetaz aparte, Bilbo, Santurtzi, Tarnos, Elgoibar eta Donostiako Musikeneko ikasleak elkartu ginen.

Jarraian, kalera atera ginen eta herriko txoko desberdinetan kontzertu motz batzuk eskaini genituen. Errepertorioa Chess musikaleko “Anthem”, Mokoroak idatzitako “Errotazaia” eta Boney M talde mitikoak  kantatzen zuten “Rasputin”. Eguraldia alde izan ez bagenu ere jende dexente hurbildu zen.

Bazkalorduan Uharteko udalak montatutako karpa batean elkartu ginen parte-hartzaile guztiok eta bazkari eder batetaz gozatu genuen. 

Arratsaldean, eguneko momenturik onenak bizi izan genituen. Nafarroako Arte Garaikideko Museoan kontzertu ahaztezina bizi izan genuen. Lehen aipatutako talde bakoitzak pieza bat edo bi eskaini zituzten eta herri bakoitzean egiten den lana ikusteko balio izan zuen. Nere ustez, garrantzitsua da, ikasleek beste herrietako erreferenteak izatea.

Elgoibarko ikasleek, bi taldetan banatuta jo zuten. Lehenengoa, ikasle txikienek osatutakoa, J.S. Bachen hiru “Choral” intrerpretatu zuen, eta ondoren ikasle nagusiek osatzen duten taldeak, Gabriel Faurén “Pavane” interpretatu zuen.

Kontzertua bukatzeko Musikeneko ikasleen txanda izan zen, eta modu ezin hobean bete zuten euren papera. Mozart eta Bach-en obrak interpretatu zituzten, eta Miguel Angel Llorente eta Thomas Bearthelemy maisuak bakarlari gisa aritu ziren. Gure ikasleak txundituta geratu ziren ikasle hauek erakutsi zuten maisutasunarekin.

Ez dago dudarik, merezi izan duela, bai aurretik indako lana, eta bai jardunaldi horretan parte hartzea. Ikasleak primeran pasa zuten, asko ikasi zuten, eta inportanteena oso motibatuta bueltatu dira. Gehiago ikasteko gosea piztu zaie, eta orain horri eutsi behar diogu.

Aitor Nova (2017-11-15)

Inazio Bereziartua musika eta dantza eskola

Aita Agirreren Plaza 4, 20870 Elgoibar, Gipuzkoa

943 742 145

elgoibarmusika@elgoibarmusika.eus